EUSKARA NOLA LANDU ASTIALDIAN

Hezitzaileek euskararen erabilera sustatzeko prozesua

Haur edo gazte talde batean hizkuntzazko helburuak landu nahi badira, errealitate bat aldatzeko ahalegina egin behar da, eta, beraz, desoreka bat sortu behar da taldean. Alegia, hasierako egoera etenez, beste egoera batera iristea da kontua, eta bien bitartean desoreka bat sortu behar da. Desoreka eragiteko, oso argi izan behar dira abiapuntua eta helmuga eta oso ondo aztertu behar dira, hala bidea egiteko eskura izango diren baliabideak, nola bidea egiten lagun dezaketen edo oztopa dezaketen faktoreak.

Horregatik haur edo gazteen artean euskararen erabileran eragiteari begira, diagnositik abiatuta tresna praktikoetaraino iristen den prozesu bat proposatzen da, eta, euskararen erabilera sustatzen egiten den lana eragingarria izan dadin, axolakoa da prozesu osoa behar bezala lantzea.

Hauek dira proposatzen diren urratsak:

1. Haur edo gazte taldearen hizkuntzazko diagnosia. Hizkuntzazko gaitasuna aztertzean eta euskara erabiltzeko iniziatiba hezitzaileek ala haur edo gazteek duten jakitean datza.

2. Hizkuntzazko diagnosiaren arabera, euskararen erabilera urrats jakin batean kokatzea. Euskararen erabilera hiru urrats hauetako batean koka daiteke: erabilera atseginaren urratsean, erabilera zuzenduaren urratsean edo erabilera naturalera hurbiltzeko urratsean.

3. Erabilera urratsari zein interbentzio eremu dagokion zehaztea. Segidako bi multzo hauetako noren hizkuntza erabileran interbenitu behar den zehaztean datza: haur edo gazteen eta hezitzaileen artekoan ala haur edo gazteen artekoan.

4. Esku hartzeko eremuan eragiteko estrategiak aukeratzea eta zehaztea. Begiraleak taldean zein leku hartzen duen, elebakartasuna, erabilera arautua edo negoziatua... erabakitzean datza.

5. Interbenitzeko eremuetan eragin ahal izateko kontuan izan behar diren gainerako faktoreak aztertzea eta lantzea: jardueraren intentsitatea eta haur edo gazteen eta hezitzaileen arteko erlazioa hartzen dira aintzat.

Haur edo gazteak erabilera urratsetan kokatzea

Aisialdiko jardueretako haur edo gazte taldeak erabilera urratsetan kokatzeko, bi irizpide baliatuko dira: euskaraz komunikatzeko gaitasuna eta euskara erabiltzeko iniziatiba.
Komunikatzeko gaitasunak erakusten du taldeari zein erabilera urrats legokiokeen, baina erabiltzeko iniziatibak determinatzen du benetako kokapena. Hau da:

1. taldeko haur edo gazteak euskaraz nekez komunikatzen badira, erabilera atseginaren urratsean kokatu behar dira.

2. taldeko haur edo gazteak euskaraz nekez komunikatzen badira, kasu batzuetan erabilera atseginaren urratsean eta beste batzuetan erabilera zuzenduaren urratsean kokatu behar dira.

3. taldeko haur edo gazteak euskaraz motel komunikatzen badira, kasu batzuetan erabilera zuzenduaren urratsean eta beste batzuetan erabilera naturalera hurbiltzeko urratsean kokatu behar dira.

4. taldeko haur edo gazteak euskaraz erraz komunikatzen badira, erabilera naturalera hurbiltzeko urratsean kokatu behar dira.

Horixe da komunikatzeko gaitasunen eta erabilera urratsen arteko komunztadura, baina komunikatzeko gaitasuna faktorea bere bakarrean ez da aski erabilera urratsak determinatzeko, eta euskara erabiltzeko iniziatiba faktorea emendatu behar zaio. Hortaz, komunikatzeko gaitasuna zeinahi dela ere:

1. euskara erabiltzeko iniziatiba hezitzailearen esku badago, erabilera atseginaren urratsean kokatu behar da taldea.

2. euskara erabiltzeko iniziatiba haur edo gazteen esku badago, iniziatiba jardun osoan, une jakin batean, espazio jakin batzuetan edo soilik hezitzaileekin duten aztertu beharko da, eta, ondorioaren arabera, berezko erabilerara hurbiltzeko urratsean edo erabilera zuzenduarenean kokatu behar da taldea.

NONDIK HARTUTA:

Abian Gidaliburua. Aisia Euskaraz Bizi. TOPAGUNEA. EUSKARA ELKARTEEN FEDERAZIOA.

www.topagunea.org

Hezitzaileek asko egin dezakete. TTAKUN KULTUR ELKARTEA.

www.erabili.com


EGK-k eta Astialdi Foroak jardunaldi hau antolatu dute.

Jardunaldiaren helburua: ea nola lantzen ari da euskara astialdian: esperientzien difusioa eta informazioaren zabalpena.

Jasotzaileak: begiraleak direnak, begiraleak izateko asmoa daukatenak, euskara zein astialdi taldetako partaideak.

Aurkezpena: Felix Arrieta EGK-ko presidentea

Teoria pixka bat: Ttakun Kultur Elkartea “Euskara nola landu Astialdian”

Atsedenaldia: Urtxintxa Eskola mahai jokoen aurkezpena

Esperientziak: Ttakun Kultur Elkartea (Gipuzkoa); Erandioko Bordatxu Gazte-Txokoa (Bizkaia); Arabako Ikastolen Elkartea (Araba) Nafarroako Gazteriarean Kontseilua (Nafarroa)